Bidaso-tik… Oronte-ra

« Ene ipurdia mugi dezaket, ezta ! … » dio Bernie Bonvoisin artistak, Libanon egindako erreportaiaren hastapenean : « Enfants syriens, enfants de la guerre ». Filma hunek, sendimendu berdina piztu zitzaidan : « Guk ere, Kiribil-ekoek, harat joan behar dugu, poesia ur-ttantta batzuen ereitera… » Erreportaian aipatzen zen Libanoko elkartearekin bizpahiru mezu trukatu ondoren, Bernie-rekin telefonoz mintzatu eta, Libanora noa, bakarrik, Zahlé-ra, Syriako mugatik 35 kilometrotan, otsailaren 19-tik 24-era.

Libanoko giza elkarte handienetako bat da « Beyond », 700 langile eta hoinbeste laguntzaile dituenak. Lehenak (eta bakarrak) izan dira, Syriako errefuxiatuen akanpamentuetan sartu direnak, eta horien tartean plantatu direnak. Gainera artea dute beren lanaren mamia eta oinarria…

Aste oso batez, Syriatar umeekin jostatzen naiz, irri egiten dut, eta bizi uneak partekatzen, Beyond elkarte kideekin iragaiten baitituzte egunak, eskola maila lantzen, baita ere kantatzen, idazten, antzerkian aritzen…

Orain, Beyond elkartearen asmoa da « one step more! ».

Bi proiektu pizten dira, Kiribil eta Beyond-en artean :

  • Beyond gunean, haur literatura espazio bat sortzea,
  • Beyond-eko kide batzu formatzea, ipuinen irakurketak eta idazketen tailerrak eramateko, baita ere akanpamenduetara sartzeko, eta familiei esperientzia artistiko bat biziarazteko, heien egunerokotasuna piska bat arintzeko.

Horretarako, Kiribil Konpainiak, Teatro Paraiso konpainiarekin (Gasteizekoa), baita ere Jean-Marie Broucaret, Chimères antzoki taldearen buruarekin, lan ikerketa luze eta sakon bat eramanen du, hilabete zonbaitetan, ideiak eta esperientziak trukatuz, eta formakuntzak prestatuz.

Filma bat sortuko dugu ere, Kanaldude partaidearekin, esperientzia horiek agerian jartzeko.

Dugun asmo bakarra giza eta bizi sentsibilitateak elkarlotzea da, liburu eta artearen bidez. Desafio handia, zaila… baina ederra !

Amaia Hennebutte, 2017-ko martxoa.

Publicités